Ostiralean abiatuko da Iruñeko Zinemaren eta Emakumeen Nazioarteko Erakusketa, IPES Fundazioak eta Golem Zinemek antolatuta. Aurten zinema erakustaldiaren 39. edizioa izanen da. 1987an egin zen lehenengoa eta ordutik helburu berdinak ditu: emakume zuzendari, errealizadore, gidoilari eta aktoreak ikusaraztea eta indartzea, edo berdina dena, zinearen begirada maskulinoa eta balio patriarkalak eraldatzea.
Olatz Ovejero zikloaren komunikazio arduradunak nabarmendu bezala, oraindik ere "beharrezkoa izaten jarraitzen du horrelako egitarauak antolatzea, tamalez". Datuek, izan ere, industriako emakumeek bizi duten egoera gordinera aditzera ematen dute. Emakume zinemagileen CIMA elkarteak plazaratutako azken datuen arabera, ikusentzunezkoen sektoreko lanpostuen %37 baino ez dute betetzen, eta Zuzendaritzan, kopuru hori %27ra jaisten da. Gizon zuzendariek egindako filmek emakumeek egindakoek baino %41eko aurrekontu handiagoak izaten dituzte batez beste, eta horrek eragin zuzena du euren ikusgarritasunean eta aitortzan. Bestalde, Nerea Barjola eta Bárbara Tardónen Después del silencio txostena ere aipatu du Ovejerok "Txosten horren arabera, sektoreko emakumeen % 60,3k sexu-indarkeria jasan du, casting-etatik jaialdietara bitarteko testuinguruetan. Kasu horien %92 ez da salatzen, eta hori oso larria da".
Zinema zikloaren asmoa, emakumeen begirada nabarmentzea eta aldarrikatzea izanen da, gai askotarikoak jorratuko dituzten filmen inguruan. Film guztiak lehenengoz emanen dira Iruñean, estreinaldian beraz. 39. edizio honetan, zortzi film luze proiektatuko dira: horietatik hiru dokumentalak eta bost fikziozkoak dira. Horrez gain, zazpi film labur eskainiko dira (horietako bost, TRAMA emakumeek egindako zinemaren, bideoaren eta multimedia erakustaldien koordinakundearen Cortos en Femenino deialdiaren irabazleak), eta beste bi film labur nafarren lanak ere izango dira ikusgai.
Erakusketa ekainaren 6an hasiko da, Sara Fantova zuzendari euskaldunaren filmarekin. Proiekzioan Ainhoa Artetexe aktorea ere izango dugu, pelikula aurkezten: Jone, batzuetan izeneko opera prima. Astean zehar, goizeko eta arratsaldeko saioak izango dira. Asteartean, hiru dokumental saio izango dira eta euren zuzendariak ere parte hartuko dute emanaldian.