Bi hilabete eskas falta dira azken Hatortxu Rock jaialdiaren ospakizunerako eta geroz eta gutxiago falta da ere kartela osatuko duten talde guztien izena ezagutzeko. Gaur 24 talde berri iragarri dituzte eta honezkero, ezagutzen ditugu oholtzara igoko diren 87 talde.
Herdoil, Sofokaos, Iñigo ETS, Ana Tijoux, Roba Estesa, Hogei Berriro, Bourbon Kings, Trikidantz, Trikiteens, Olaia Inziarte, Auxili, Kristal Kolpatuak, Gora Musika, Tapia Eta Leturia, Anje Duhalde, Fermin Balentzia, Dinamita, La Txama Y Su Flakofonki, Tremenda Jauria, Soziedad Alkoholika, Dj Reimy, Dj Bull + Dj Jotatxo, Dj Fresa Morango eta Fillas De Cassandra dira gaur iragarritako taldeak.
Antolatzaileek helarazi bezala, “jaialdi honek izan duen ibilbidea kontuan hartuta, erdietsi dituen lorpenak ahaztu gabe, eta oraindik preso, iheslari eta deportatu politikoen auziari erabateko konponbidea emateko urratsak falta direla ahaztu gabe, behar bezalako amaiera ematea elkartasun jaialdiari”. Eta horretarako, bost eszenatoki eta 100 artista izango dira Lakuntzan uztailaren 24tik 27ra.
Hatortxu, herriz-herri
Gainera, uda iritsi bitartean, herriz-herri aurkezpenak antolatu ditu Hatortxuk, “azken edizioa aurkeztu eta txandalariak biltzeko”. Hiriburuetako aurkezpenak musika akustikoarekin girotuko dituzte: Baionan, maiatzaren 22an, Anje Duhalde eta La Fulana izango dira; 23an, Donostian, Burutik taldeak jarriko du musika; maiatzaren 29an Bilbon, Eñaut Elorrieta arduratuko da musikaz, eta egun berean, Gasteizen Sukena taldea izango da; azken aurkezpena, maiatzaren 30ean, Iruñean izango da, oraindik iragarri gabeko musikarien eskutik.